Barakaldok Negozioak Eskualdatzeko Plan bat prestatu du, hiri-enpresek aurrera egin dezaten

Barakaldoko saltokien %36k datozen urteotan eskualdatze prozesuren bati egingo diote aurre, PERCOren azkeneko azterlanean agertzen den balorazioen arabera.

Barakaldoko Udalak, Inguralde garapen agentziaren bitartez, Barakaldoko Negozioak Eskualdatzeko I. Plana jarri du martxan, hiriko enpresei -eta batez ere, merkataritza txikiari- laguntza emateko.  Programak harremanetan jartzen ditu saltokiak itxi beharrean diren enpresaburuak eta saltokiek egindako ibilbidea aprobetxatuz jarduera horiei ekin nahi dieten ekintzaileak.

Udalak hurbileko merkataritza indarberritzeko abiarazi dituen jarduketen barruan da plana, eta erretiroagatik edo errelebo ezagatik diru-arazorik ez duten negozioak ixtea ekidin nahi du.

PERCOk (Merkataritza biziberritzeko Plan Berezia) egindako azken azterlanaren arabera Barakaldoko merkataritza txikiaren %36k  (461 saltokik) laguntza beharko du epe laburrean bideratu beharreko errelebo prozesuan.  Plan berriak erantzuna eman nahi dio  profesional talde zabalari, saltoki gehienek zabalik iraun dezaten, euren jardunari esker hirigunea indarberrituz baitoa.

Zerbitzu berriak aholkularitza, ekintzaile eta enpresaburuen arteko bitartekaritza eta eskualdatze bidean diren tokiko negozioen poltsa eskaintzen du, errelebo prozesuak dirauen bitartea

Ekintzak

Programa datozen asteotan jarriko da martxan, eta zerbitzu berria sektorean ezagutarazteko kanpaina kalean bertan egingo da. Saltokiei informazio orri bat emango zaie, zerbitzuaren ezaugarriak eta eskualdatze prozesua arrakastaz bideratzeko giltzak eta protokoloak azaltzeko.

Era berean, 60 urtetik gorako enpresaburuak dituzten Barakaldoko saltokien errolda bat egingo da, haiekin eskualdatze prozesua prestatzen hasteko, hala negozioak familian bertan jarraituko dutenekin nola erreleborik izango ez denekin. Inguraldeko Hiri Enpresari laguntzeko Zerbitzuak ohartarazi du «negozioak jarraipena izango badu, jabeek patxadaz – bi urteko aurretiaz, gutxienez – taxutu behar dituztela hainbat gauza: hala nola, negozio dossierra prestatzea, merkataritza funtsa kalkulatzea, alderdi juridiko eta fiskalak bideratzea, saltzaileak bilatzea edo, belaunaldi arteko erreleboa izango denean, famili protokolo bat ezartzea bai eta  “egiten jakitea” transmititzeko bizikidetza aldi bat adostea».

Ekintzaileekin lanean

Inguraldeko Enpresak Sortzeko Zerbitzura negozio bat erosi nahiz errentan hartzeko datozen ekintzaileekin eta jarduera uztera behartuta dauden jabeekin jardungo du Transmisio Zerbitzuak bitartekaritza lanean. Prozesua arintzeko, bi poltsa sortuko ditu: negozio asmoen eta eskualdatzeen poltsa eta eskualdatze bidean diren toki-negozioen poltsa.  Era berean, arlo horretan diharduten beste eragile publiko eta pribatuekin koordinatuko da garapenerako udal agentzia,  eskualdatze bidean diren toki negozioak sustatu eta balizko erosleak erakartzeko.

Belaunaldi arteko erreleboa duten negozioei dagokienez, Udalak aholkularitza eskainiko die jabeei, prozesua arrakastaz buru dezaten.

Webgunea

Barakaldoko Negozioak Eskualdatzeko I. Planak www.inguralde.com webgunea sortu du, egitasmoari buruzko informazio guztia biltzeko. Horrela eskura izango da negozioei balioa emateko sentikortze-materiala bai eta kudeaketa hobetzeko tresnak aurkitzeko hesteka ere.

On line zerbitzuan aurki daitekeen eskualdatze bidean diren toki-negozioen poltsa dugu nobedade nagusia

Negozio eskualdatzeen arloko ideia eta informazioa trukatzeko foro bat ere sortuko dugu. Azkenik, laguntzei eta izapideei buruzko informazioa eskainiko da bai eta “erreleboaren abezea” ere: eskualdatze prozesua arrakastaz burutu duten saltokien hogeita hamar bat  kasu praktiko zerrenda.

 

Partekatu / Compartir
facebooktwittergoogle_pluslinkedinmailfacebooktwittergoogle_pluslinkedinmail