Enpleguaren loteria

Metodologiak, legalitatea eta gardentasuna

Udan, Balmasedako Udalak zozketa formula erabili zuen, lehenengo aldiz, auzokideak kontratatzeko. Lanbidek pertsonak aukeratu zituen, udal enplegu planaren bidez, langabezian zeudenak kontratatzeko.

Ekimenak oihartzuna izan zuen hedabideetan. Albisteak eztabaida piztu arren, aitortu behar da erabilitako metodoak gardentasuna ziurtatzen zuela. Izan ere, gaur egun, biztanleek asko baloratzen dute gardentasuna. Gainera, horrela, errekurtso publikoak modu eraginkorrean erabili ziren. Prozesu horretan, konstituzioan, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan eta Euskal Funtzio Publikoaren legean biltzen diren printzipioak; berdintasuna, meritua eta enplegu publikorako sarbidea, bermatu ziren. Euskal Enplegu Zerbitzua-Lanbidek hautagaien selekzioa egin zuen eta Udaleko idazkaritzak prozesuaren legalitatea kontrolatu zuen.

Enplegua guztiontzat

Sortutako eztabaidaren erdian, Enplegurako foru diputatuak, Teresa Laespadak, zera adierazi zuen El Correo egunkarirako elkarrizketa batean; «etorkizunean, ez da lanik egongo guztiontzat»[1]. Baieztapen hori hainbat azterketak egiaztatzen dute. Hazkunde ekonomiko berria dagoela konfirmatzen dute. Hala ere, ez du eraginik izaten ari lan merkatuan.

Ekonomiaz[2] aldizkariaren azken zenbakiaren arabera, langabezia tasa altua ez zen desagertu ezta aurreko hazkunde denboraldian ere (1994-2007). Garai horretan, nahiz eta produkzioak gora egin, enplegua ez zen berdin hazi eta langabeziak ere ez zuen berdin behera egin. Horren ondorioz, ezberdintasuna hazi da lan merkatuan, batez ere, enplegua duten eta ez dutenen artean. Okupatuta daudenen artean ere ezberdintasunak handitu dira. Soldaten arteko ezberdintasunak handitu dira. Herrialde batzuetan, soldatak jaitsi dituzte 2008-2012 denboraldian.

Estruktura Ekonomiko katedratikoak, Santiago Niño-Becerrak, titular hau utzi digu «Ekonomiak ondo funtzionatuko du, baina jende askok txarto pasatuko du»[3] . Adituaren arabera, 70ko hamarkadara arte, BPGren eboluzioa eta lanpostuen sorkuntza paraleloki hazten ziren. 80ko hamarkadatik aurrera, aldiz, aldentzen dira. Teknologia lan faktorea ordezkatzen ari da. Izan ere, errazago erabiltzen da, eta merkeagoa eta sofistikatuagoa da. Kostuak txikitzen ditu, baina langabezia estrukturala handitzen du.

Kausak

Aipatutako Ekonomiaz aldizkarian, Elva López Mourelo, Miguel Ángel Malo, Josep Banyuls eta Albert Reciok enpresa-kudeaketa eta diseinu instituzionala erabiltzen dituzte aldi baterako lan-kontratuen hazkundea azaltzeko. Horrek eta produkzio eta sektoreen estrukturak epe luzerako langabezia tasa handia azalduko lukete.

Azken faktore horri dagokionez, sekzio honetan argitaratutako ‘Detroitik Barakaldora’ artikuluan, herrialdearen berrindustrializazioa beharrezkoa dela aipatzen zen. Izan ere, horrek enpleguaren hazkundea bermatuko luke. Dena den, eredu industrial berri horrek ez ditu langile asko behar, baizik eta kualifikazio handiko profesionalak, gainbalioa emateko gai direnak.

Bestalde, Basque Industry 4.0 bigarren edizioan, Digital Bitkom Asoziazioaren Industria 4.0 Sailaren zuzendariak, Wolfang Dorst[4], adierazi zuen «softwarearen aplikazioak industria aldatuko du hamarkada batean, fabrika adimentsuak lortzeko». Produkzio prozesuetan teknologia berriak erabiliko dira, 3Dn produzitzea edo ikusmen artifiziala eta, batez ere, produktuetan adimena sartzea. Horrek eragina izango du langileen malgutasunean, eta bezeroek produktuaren diseinuan parte hartuko dute, haien beharrak betetzeko.

Horren ondorioz, eta Virginia Hernanz eta Carlos García-Serranok Ekonomiaz monografikoan adierazten dutenez, prozesu teknikoek eta globalizazioak lan batzuen automatizazioa ekarriko dute, esaterako, lan administratiboak eta ondasunen produkzioarekin zerikusia dutenak. Automatizatzeko zailak diren enpleguek, aldiz, gora egingo dute, adibidez; profesionalek eta teknikoek egiten dituzten lanak, eta zerbitzu langileekin zerikusi duten eginkizunak.

Azkenik, Carlos Barrabes ekintzailearen arabera, gure herrialdeko ekonomia berriaren ikonoaren arabera, «industria 4.0ren software lantzen dituzten herrialdeek lana sortuko dute». Beraz, enpleguaren loterian sari bat lortzeko txartel onak erosi beharko dira.

Luis Lupia­ñez —Inguralderen Enpresen Promozio Saila.

[1] http://www.elcorreo.com/bizkaia/201507/29/gusta-sorteo-empleos-bombo-20150728222855.html

[2] http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-k86aekon/es/k86aEkonomiazWar/ekonomiaz/getArticulosPubl?idPubl=83

[3] http://www.elconfidencial.com/alma-corazon-vida/2015-02-20/la-economia-va-a-ir-bien-pero-a-mucha-gente-le-va-a-ir-bastante-mal_715038/

[4] http://www.elmundo.es/pais-vasco/2015/10/14/561e32e9268e3e69648b465d.html

Partekatu / Compartir
facebooktwittergoogle_pluslinkedinmailfacebooktwittergoogle_pluslinkedinmail