Ekintzaile solidarioak

Barakaldoko Salestarrak eta Burtzenako Dominikak ikastetxeetako 52 ikaslek ekintzailetza proiektu pilotu batean hartu dute parte. Inprimagailuetako tinta-kartutxoak eta tonerrak biltzeko enpresa sortu zuten, eta lortutako dirua proiektu solidarioetarako erabiliko dute.

Barakaldoko Salestarrak eta Burtzenako Dominikak ikastetxeetako ikasleak pozik daude. Izan ere, Barakaldoko alkateak, Amaia del Campok, “Enpresa Solidarioa” proiektu pilotuko ziurtagiriak eman dizkie. Bertan, lortutakoaren zenbatekoa agertzen da. Barakaldoko garapen-agentziak, Inguraldek, abian jarri zuen proiektua. Joan den ikasturtean, 14 eta 17 urte arteko 52 ikaslek gogor lan egin zuten, zentroetan, kartutxo eta tonerrak biltzeko eta birziklatzeko enpresa abian jartzeko. Bildutako dirua ikasleek aukeratutako bi proiektu solidarioak laguntzeko erabiliko da. Ekimenak Bizkaiko birziklatze-enpresa baten laguntza izan du. Enpresa horrek bildutako materiala hartu du.

‘Enpresa Solidarioa’ ekimena Geletan Kultura Ekintzailearen Difusio Programaren barnean dago. Programa horrek 10 urte ditu, eta aurten, 2014-2015 ikasturtean, ikastetxeei enpresa bat sortzeko aukera eman zien, Inguralderi esker. Barakaldoko Salestarrak eta Burtzenako Dominikak ikastetxeek erronka onartu zuten. Lehen mailako 27 ikasle eta bigarren mailako 25 ikasle ekintzaile bihurtu ziren. Sei hilabetez, ‘Joven Impresión’ eta ‘Tintasín’ enpresak sortu eta kudeatu zituzten. «Zentroei ikaragarri gustatu zaie iniziatiba. Horrela, gazteek ekintzailea izatea zer den ezagutu dute, eta haien bizitzarako erabilgarriak izango diren gaitasunak eta ezagutzak lortu dituzte», azaldu du Amaia del Campok.

Esperientzia oso ona izan da eta Inguraldek aurten ere proiektua errepikatuko du. ‘Enpresa Solidarioa’ ekimenaren bigarren edizioa azaroan hasiko da. Bi ikastetxe horiek hartuko dute parte eta hirugarren batek ere bai. Ikastetxe bakoitzak bere birziklatze-enpresa proiektua jarri beharko du martxan, eta enpresaren irudia eta estruktura sortu beharko ditu.

Kultura ekintzailea zabaldu gazteen artean

Barakaldoko gazteen talentu ekintzailea garatu nahi da. Horregatik, Inguraldek, urtero, ikastetxeei Geletan Kultura Ekintzailearen Difusio programan parte hartzeko aukera ematen die. Edizio berria urrian hasiko da eta 14 eta 17 urte arteko DBH, Lanbide-Heziketa eta Batxilergoko 400 ikaslek hartuko dute parte.

Helburu nagusia hau da; laster etorkizunaren inguruko erabakiak hartzen hasiko diren ikasleei erakustea zertan datza norberaren kontura lan egitea. Programaren bidez, errealitate enpresariala ezagutzeko aukera dute eta laguntza instituzionalak ere ezagutzen dituzte.

Gainera, gelan garatzen den proiektua zenbait gaitasun pizten ditu; sormena, iniziatiba izatea, autonomia lanean, arriskuak hartzeko gaitasuna edo talde-lana. Enpresa-munduari buruzko hitzaldiak ematen dira eta Innobak Enpresa Zentrora eta Ezkerraldeko Enpresen Garapen Zentrora bisitak egiten dira.

 

Partekatu / Compartir
facebooktwittergoogle_pluslinkedinmailfacebooktwittergoogle_pluslinkedinmail