“Merkataritza lokalak erosketak egiteko esperientzia berriak eskaini behar ditu, betikoak ez du balio”

Sandra Esturao eta Miryam Ayala Barakaldoko belaunaldi berriko merkatariak dira.  Nubenuvó dendan moda eta dekorazio artikulu alternatiboak eskaintzen dituzte

Sandra Esturao Barakaldokoa da eta Miryam Ayala Portugaletekoa. Arte Ederretako Fakultatean ezagutu zuten elkar, eta han negozio ideia berri bat eratzen hasi ziren. Ideia hori errealitate bihurtu da krisi garaian. Nubenuvó denda Barakaldoko San Vicente auzoan dago, eta bertan moda eta dekorazio alternatiboa topa daitezke. Ekintzaile gazte hauek belaunaldi berri baten partaideak dira, eta  ideia berriak sartzen ari dira hiriko merkataritzan. «Egoera gogor honetan, merkataritzak erosketak egiteko esperientzia berriak eskaini behar ditu. Betikoak ez du balio», adierazi du Sandra Esturaok.

Nubenuvó dendak 5 urte beteko ditu laster. Espezializatu egin da eta honako artikuluak saltzen ditu: vintage artikuluak, moda, dekorazioa eta opari txikiak. «Produktu bakoitzeko ale gutxi ekartzen ditugu. Horrela, esklusibitatea saltzen dugu prezio merkeetan», azaldu du Sandrak. Gainera, ekitaldiak antolatzeko zerbitzua martxan jarri dute. Bestalde, dendan bertan, ume eta helduentzako margolaritza-ikastaro indibidualak eskaintzen dituzte. Txikientzako klaseak ingelesez dira.

Online denda

Gernikako Arbola 74 kalean duten dendaz gain, maiatzetik, Sandra eta Miryamek denda online bat ere badute (www.nubenuvo.es). Horri esker, haien proposamen  ‘retroak’ munduko edozein tokitara eramaten ari dira. «Denda birtuala abian jarri genuenetik, salmentak gora egiten ari dira hilero. Oso pozik gaude, izan ere, merkatua zabaltzen digu», azaldu du Miryam Ayalak. Gainera, Facebooken orri bat dute, eta horri esker, publikoarekin harreman zuzena daukate.

Bigarren eskuko azoka txikia

Sandra eta Miryanek oso argi dute erosteko esperientzia berriak eskaini behar dituztela, erosleak erakartzeko. Horretarako, ‘Vintage eta Bigarren Eskuko Produktuen Azoka Txikia’ antolatu dute. Dagoeneko 2 edizio egon dira. Azkena urriaren 30 eta 31an, eta azaroaren 1ean eta 2an egin zuten. Arropa, jantzi-osagarriak, liburuak, artisautza eta dekorazioa saldu zituzten. Azken edizio horretan, 25 parte hartzaile aukeratu zituzten — izena emateko kuota 16 eurokoa izan zen— bakoitzak 30 artikulu eraman zituen. Dendak horiengatik ehuneko txiki bat irabazten du. Bi edizioek harrera ona izan dute; beraz, noizean behin errepikatzea pentsatzen ari dira.

Made in Barakaldo kamisetak

Nubenuvó dendaren azken ekimena oihartzun handia izaten ari da sare sozialetan. Lo local-en errebindikazioa  eta Ezkerraldekoa izateaz harro sentitzea indarra hartzen ari da. Hori ikusita, %100 ‘Made in Barakaldo’  den kamiseta bat atera dute.  Kamiseta beltza da eta ‘Made in Barakaldo, orgullo fabril’ mezua horiz agertzen da. Sare sozialetan argazki bat eskegi zutenetik, 100 kamiseta saldu dituzte. «Harrituta gaude, arrakasta handia izan du. Momentuz, bakarrik enkarguen bidez saltzen ditugu. baina Gabonetan dendan salduko ditugu». Emakume eta gizonentzako elastikoak 18 eurotan saltzen dira.

Marka erregistratu dute eta orain Portugaleterako diseinua pentsatzen ari dira.

Partekatu / Compartir
facebooktwittergoogle_pluslinkedinmailfacebooktwittergoogle_pluslinkedinmail