“Jendea denda txikietara bueltatzen ari da eta arreta profesionala topatu behar du”

Zuriñe Enriquerekin hitz egin dugu. Barakaldoko Modas Zuriñe dendaren jabea da eta dendaren kontzeptua berritu du eskualdean duen posizionamendua hobetzeko

Zuriñe Enriquek txikia zela ikasi zuen dendariaren lanbidea, bere amak Barakaldon denda ireki zuenean. Duela 13 urte, amaren testigua dendan hartu zuen. Gaur egun denda moda espazio berritzaile bat da, eta bere helburua da  «erostea pozgarria izatea», azaldu digu Zuriñek. Krisi garai honetan, Zuriñe ausarta izan da, batez ere, denda txikia dela kontuan hartuta. Izan ere, iaz negozioari buelta eman zion, Barakaldon zuen posizionamendua hobetzeko, eta inguruko herrietan zabaltzeko. Asko hausnartu ondoren,  Bizkaia kalean zuen lokala utzi eta Gernikako Arbola kaleko 4.zenbakian Modas Zuriñeren kontzeptu berri bat jarri zuen abian.

Dendak 75 metro koadro ditu eta, argitsuagoa izateko, kolore zuriez apainduta dago. Prêt-à-porter bildumak, aldiz, kolorez beteta daude eta firma ospetsuen bildumak dira: Hoss Intropia, Oky Coky, Charo Azkona eta zeremonientzako Cabotine. Sabai altuak ditu, handitasun zentzazioa emateko, eta argiztapena oso ona da. Nabaritzen da Zuriñek lan handia egin duela. Haren ustez, oso inportantea da «jendea leku berezi batera sartzea eta benetan gustura sentitzea. Joko eta jostailuz betetako kutxa bat ere badugu,  umeak entretenituta egoteko, amek artatzen ditugun bitartean». Fatxadan bi erakusleiho handi daude, hamabostero aldatzen dituenak.

Zuriñe pozik dago bere proposamen komertzialak harrera ona izan duelako. Betiko bezeroak mantentzen ditu eta «berriak erakartzen ari naiz, gure lokal ikusgarriari esker, eta hori salmentetan nabaritzen da». Inguruko beste herri batzuetara hedatu nahi du bere negozioa.

Bestalde, marketing digital estrategia bat jarri du abian. Webgune www.zuriñe.eu ireki du eta Facebooken orri bat sortu du, bezeroengandik hurbilago egoteko.

Sektorea profesionalizatzea

Zuriñeren ustez, arrakastaren errezeta sektorearen profesionalizazioan datza.  «Jendea denda txikietara bueltatzen ari da eta arreta profesionala topatu behar du». Arrakastaren errezetako osagaiak honako hauek dira; «bezeroei arreta ona ematea; izan ere, denda txikiak bezeroarengandik hurbilen dauden saltokiak dira. Eta negozioa etengabe berritzea, prestakuntza eta saltokiaren kudeaketa egokia egitea».

Modas Zuriñek alderdi guzti horiek indartu ditu, Renova Tu comercio programaren lehenengo edizioan parte hartu ondoren. Programa Barakaldoko Udalaren garapen agentziak, Inguraldek, antolatu zuen. Ekimen horren helburua da sektoreko profesionalei tresnak ematea kudeaketa hobetzeko, saltokien salmentak handitzeko eta transmisio baloretan oinarritutako negozioak sortzeko.

Gainera, aste honetan, denda honek Inguralderen Programa de Encuentros con Comercios Destacados ireki du. Programak denden arteko bisitak proposatzen ditu. Bertan, dendariak aukeratutako saltokien praktika onei buruz arituko dira.

 

Partekatu / Compartir
facebooktwittergoogle_pluslinkedinmailfacebooktwittergoogle_pluslinkedinmail